Orrialdeak

lunes, 20 de febrero de 2017

IDAZTEN HASI ETA EZIN GELDITU!

Ondorengo testua lagun bati bidalitako mail bateko puskekin eta moldaketa batzuekin osatua izan da. Bertan agertzen diren pertsonaien istorioak egiazkoak dira, izenak aldatuak daude. Aspaldi ez nuen topatu idazteko astia eta benetan gozatu det hau egiten. Urrengo batean kontatuko deten arrazoi batengatik det denbora gehiago ordenagailu aurrean jartzeko.

“…
Ni ondo nago. Email erantzuketetan kamuts, baina bestelakoan ondo. Wppeko audioek asko errezten dute bizitza. Eta ordengailua soilik goizeko 8:30ak arte erabiltzeko gogoa/astia det. Ordu horretan gosaltzen degu eta arratsaldeko zazpiak arte edo lanean gaude. Gustura egiten det lan eta asko nago ikasten. Ordengailua normalean bideoak, argazkiak eta artikulu saiakerak egiteko erabiltzen det, baita Futaleufú-ko etapa bukatzerakoan zer egin bilatzeko ere.

Lanean denetarik egiten degu, eta hori oso gustuko det. Errekaren tarte guztietan lan egiten degu. Gehienbat aste oso bat pasatzera datos bezeroak, oporretako pakete batekin. Erreka ondoan txabola batzuk ditugu eta hor hartzen dute ostatu, toki zoragarria, paraje izugarriekin, Futaleufú eta Azul erreka elkartzen dira hor, majikoa. Bi sukaldari dituzte bezeroek, sauna, hamakak, hondartzatxo bat... Paradisu txiki bat. Eta astean zehar rafting, kayak, mountain bike, trekking egiten dute, beraien nahien arabera. Goizean bertan aukera dezakete zer egin, malguak izan behar gera langileak beraz. Jaikitzean ez dakigu egun horretan zein lan egin beharko degun, alerta egon behar gera, edozertarako prest, baina kontentu nago.

Gu herrian bizi gera, gidentzako etxe bat degu eta sukaldari eta guzti, izugarria! Orain, hiru gida gaude. Primeran moldatzen gera eta errekan sendo dabiltza. Gero Antton dago, kotxeen mekanikoa lanbidez. Horretaz gain edozer gauza konpontzeko gai da, beti lanerako prest eta auto gidari lanak ere egiten ditu enpresarentzeko. Patxi, argazkiak eta web orria egiteaz arduratzen da, beste artista bat. Bi hauek anaiak bezela dira euren artean, ondo moldatzen naiz biekin eta bizitzarako balioko didaten historio eta kontsejuak kontatzen dizkidate. Badira beste bozpasei langile, denak oso jatorrak eta elkarren artean ezberdinak. Ero-jator mordoxka bat elkartu gera enpresan!

Askotariko lanak egiten ditut hemen. Batez ere kayakean nabil. Segurtasun kayaka (polita da, rafting gidarekin konexio handia dago, eta piraguaz gozatzen jarrai dezaket), kayak gida (bezeroei Futaleufú erreka erakusten, maite det lan hau) eta kayak irakasle (asko ikasten nabil onetan ere) bezela nabil. Duela zenbait aste cata-raft izeneko baltsa bat manejatzen ere hasi nintzen. Katamaran moduko bat da. Puzgarriak diren tutu bana ditu alde bakoitzean, aluminiozko egitura batez elkar lotuak. Aluminiozko egiturak bi arraun artikulatu ditu, eta horrekin maneiatzen da ontzia. Hasieran eskubira joan nahi eta ezkerratara joateko arraun egiten nuen, dena aldrebes, guztiz galduta, baina astebetean asko ikasi nuen jada lanerako prest nago. Gustuko det cata-rafta, errekan mugitzeko beste modu bat da eta errekaren indarra beste modu batean aprobetxatu behar da. Errekaz kanpoko lanak ere egiten ditugu. Bizikletak konpondu, egurra bildu eta moztu, basoak garbitu (maite det aixkora erabiltzea, hortan ere zeoze ikasi det), basoan bideak egin, trasteroa txukundu (hau bai dela latza) eta abar.

Lehenengo egunetik errekaz, parajeez eta hemen bizi den jendearekin liluratua geratu nintzen. Bizi geran mundu kaotiko honetan, arnasgune moduko bat da. Kayakista ez diren jende asko dator honera, bizi estilo sinple eta sanoagatik, uda edo urte osoa pasatzera. Urtetik urtera, udan gero eta turista gehiago datozela dio jendeak, eta izan dezakeen garapenak kezkatzen nau, ez ote duen etxean bertan ikusten deten turismo jasangaitzaren bidea jarraituko. Zure jaiolekuan arrotz, atzerritar sentitzea ez da xamurra. Egiten diren politiketan, turistek bertakoek baina garrantzi haundiagoa dutela ikusteak pena handia ematen du.

Errekak ur asko darama beti. Ez dezu arri bakar bat ere ukitzen, pala guztiz sar dezakezu uretan, hori oso atsegina da. Uraren indarra handia da, lehenengo egunetan ez zera gai gertatzen dena ulertzen, Estimulu edo informazio berri asko jasotzen dituzu, denak batera, eta ez dezu egoera kontrolatzen. Maiz, ur-laster zail bat igaro ondoren, toki itxuraz lasai xamar batera ailegatzean, erlaxatu egin izan nintzen, kideari begiratu edota pala uretatik atera... ERROR! Ur-lasterrak etengabe aldatzen dira, duela segundu bat laua zen tokian olatu bat ager daiteke. Hemen erlaxatzen denak ordaindu egiten du. Oso gustuko det hori, oso bidezkoa iruditzen zait. Errekak gogoratuko balizu bezela "Nere uretan ari zera nabigatzen, nere urak nola mugitzen diren nik erabakitzen det. Aldakorra naiz. Ondo nabigatu nahi badezu, uneoro ni aztertzen eta niri egokitzen egon behar zera. Horrelakoa naiz, onartzen ez banauzu zu izango zera ondorioak ordainduko dituen bakarra. Neri bost axola. Larritasun batean bazaude zure arazoa da, zuk erabaki dezulako zaude nere uretan. Zu zera gertatzen zaizunaren erantzule bakarra. Ez det gupidarik izango zurekin, ezta mendekurik ere. Sartu edo ez sartu zure erabakia da. Nere urak nola mugitzen diren nerea."

Egunetik egunera hobe ezagutzen det erreka, eta bere indarra aprobetxatzen ikasten nabil. Orduak pasa ditzaket bertan, uretan ez naiz nekatzen. Urak mugitzen nau, nik soilik kayaka toki egokian jarri behar det, gainontzeko lana errekak egiten du, berak bultzatzen nau. Errekara iristea, kayaka sorbalda gainean kargatzea eta abar bai egiten zait oso neketsua. Deskantsua behar det, eta uretatik kanpo asko nabaritzen det hori. Nekea areagotu ez dadin oso osasuntsu jaten det, esfortzuak egitean postura ona mantentzean saiatzen naiz eta juergarik ez det botatzen. Hala ere, zaila egiten zait behar bezainbeste lo egitea, hemen beti dago zer egin. Baina uste det daukadan nekeaz konturatzen naizela, nere mugak nun dauden badakidala. Uste det, baina ez nago ziur. Beti dago deskuidoentzako/sorpresentzako tokia, eta eskerrak, bestela aspergarria liteke bizitza, ezta?



Zeta ur-lasterra.



Errekan egunero ibiltzeak konfidantza berreskuarazi eta areagotu dit. Garatutako konfidantza hori gainkofidantza bihurtzea arriskutsua liteke. Oro har, ez zait inporta iraultzea edota olatu/rulo handi batean atera ezinik geratzea eta igeri egin behar izatea (oraindik ez det igeri egin, toco madera). Badakit jokoaren parte dela, eta baldintza hoiek onartzen ditut. Dena den, badaude bi ur-laster zeinetan gauzak gaizki badoaz benetako arriskuan zauden, berrogeita bost kilometrotan bi arrisku ez dira asko baina nahikoak izan daitezke. Korrontea pareta baten kontra doa, eta paretean errebotatu ordez, bere azpitik sartzen da, sifoi edo undercut batean. Urak, milaka urtez pareta horiek zizelkatu ditu galeria estu eta luze batzuk garatuz. Gerta daiteke, galeria horietatik ez kayaka ezta pertsona ere igarotzeko tokirik egotea. Denbora luzez edo betirako ur azpian gelditzeko arriskuarekin. Bi ur-laster horietatik arriskutsuena Zeta izenekoa da. Zailena izan gabe, errekako osoko arriskutsuena da, zalantza izpirik gabe. Ur laster horri %100 konfidantza eta kontzentrazio gabe aurre egitea, inoiz egin dezakezun arduragabekeria haundiena da. Ezin da akatsik egon. Akatsik egotekotan, gertatzen denaren kontrola gal dezakezu, eta ez dezu nahi ur-lasterrak zure ordez erabaki dezan ur-azpiko galeria horietara zoazen edo ez. Ur-laster horretan sartu, gertatzen den guztiaz ohartu, gauzak ondo egin eta gainera gozatzen permititzea benetan polita da. Oso intentsua. Ez da adrenalina txute bat. Guztiz sartua zoaz. Erreka, piragua, pala eta zu. Besterik ez. Errekatik kanpo edozer gauza gertatuko balitz ez zinake ohartuko. Bonba bat lehertuko balitz ez zenuke entzungo. Zure ametsetako persona ur ertzean zure zain egongo balitz, ez litzaizuke inportako. Inporta duena, ur laster horretan gertatzen dagoena da. Une eta toki horretan gertatzen ari dena. Beste denak bost axola. Uretatik kanpo bizitzako zenbait alorretan txoriburu bat izateak, egiten dunaren gaineko guztizko kontrola ez daukadala sentirazi izan dit maiz uretatik kanpo. Ur laster honi aurre egitea guztiz aurkakoa da. Arrisku handiko medioan, eroso sentitzeko gai naiz. Arrisku horrek norbere urduritasunean ez du eragin behar, ahalik eta puru eta autentikoen izan behar da, egoa alde batera utzi. Bitxia da baina horrek errekatik kanpo naizen bezelakoa izaten laguntzen nau, beldurrik gabe eta egoera ezberdinetara egokitzeko malgu. 

Beharbada, baten batek pentsatuko du beharrezkoak ez diren arriskuak hartzen ditugula. Ez nago ados. Egia da ez direla arrisku ohikoak. Eta egia da arrisku horiek hartu gabe bizi gaitezkeela. Baina pertsona guztiak, egunero, arriskuz inguratuak gaude, konturatzen ez bagera ere. Adibidez, autopistan 120 km/h zoazela har dezakezun zartakoa ez da edonolakoa. Baina arrisku hori onartua dago, hemezortzi urtetik gorako edozeinek gidatu dezakeelako auto bat autopistan. Aldiz, ez zitzaigun okurrituko bost urteko ume baten eskuetan kotxe bat jartzea, ez dakielako zertan dabilen. Nere iritziz, arriskua ez da medioaren araberakoa. Norberak medio konkretu batean mugitzeko gaitasunaren araberakoa baizik.

...

Futaleufúko etapa noiz bukatuko den eta nora joango naizen ez dakit. Bide ezberdin asko ikusten ditut, denetan ondo joango zaidala sentitzen det. Ez zait gehiegi axola zein aukeratu, badakit aukeratzen dudan bideagatik dena emango detela eta asko ikasiko detela. Hala ere, egia da aukera horietako bakoitzak bizipen eta ikasketa ezberdinak emango dizkidatela eta ondo legokeela gehien interesatzen zaidana zein den identifikatzea. Oso gustuko det nagoen momentua. Indartsu nago, eta burujabe sentitzen naiz. Kayaka droga bat dela dioenik bada: adiktiboa eta egoera kontrolpean dagoen sentsazioa ematen dizula, aipatzen nagoen sentsazio guzti hauek subidoia besterik ez direla alegia. Nik ez det uste hala denik. Sendagaia da nere iritziz. Uretatik kanpo burujabeagoa izaten laguntzen dit. Eta droga izango balitz ere, orain badakit nola egin nere dosia egunero jasotzeko, eta dosi hori ez da zertan emozio indartsu batera lotuta egon beharrik. Ez det behar arriskuan jartzea gozatzeko, erreka errezagoetan edota laku batean ere gozatzen det, etengabe ikasiz. Oso aske sentitzen naiz egunero piraguan ibiltzeko modua topatu detelako, edo hala uste detelako behintzat. Hori aurrera eramateko zentratua mantendu behar det, gauzak ondo egin, distrakzioak alde batera utzi eta gorputza zaindu.

..."



Badaude beste mila ur-laster eta haietako bakoitzean beste horrenbeste istorio, baina hona arte irakurri badezu sari bezela testuari lerro gehiago gehitzea merezi dezu.

2 comentarios:

  1. Jarraitu esperientzia honetaz gozatzen!

    ResponderEliminar
  2. Pozten naiz ondo ETA zoriontzu izatea. Askotan gustatu zaizkit zure erreflexioak. Benetan ondo idazten duzula , nahiz eta debora gutxi izan zuretzát, jarraitu idazten, guk jsrraituko bait dugu irakurtzen
    Antonio amonári irakurri Dieguito. Pozik sentituko dirá zu ondo ikusteaz. Besarkadahandi bat

    ResponderEliminar